EUSKARAREN EGUNA

  • 2020/12/03 |

   Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1949an. Eta Elkarteak, XXI. mendean, gizarteko aldaketa eta erronka berrietara egokituz, gogo biziz eusten dio euskal hizkuntzari bere lan arlo guztietan. 

 

Abenduak 3, Euskararen Eguna

Kaixo, ni naiz, zure bizitzako lehenengo egunetatik zure alboan dagoena, komunikatzen lagundu zizuna. Hasierako egunetan esaten zenituen astakeriak zuzentzen zizkizun inguruko jendeak, nire arauen arabera, eta nahiz eta jendeak barre egin, txikia zinenez onartuta zeuden zure ahotik ateratako hitz aldrebesak. Helduekin beste zerbait gertatzen zait, oso nahasia naiz eta maite nautenek ez dute nirekiko akatsik onartzen, dena zuzentzeko joera dute, eta honek pertsona asko nitaz lotsatzea ekarri du.

Zuzenketak eta lotsak tarteko, denboraren poderioz nigandik urruntzen joan da jendea, eta niganako konfiantza albo batera uzten hasi. Zoritxarrez honela galdu dut prestigioa ,eta ziur nago, guztiok errespetatu eta maitatuko bazenidate, orain indartsua izan eta harro hitz egingo zenuketela nitaz.

Zure ahotik atera nahi dut,  zure pentsamenduetan sortu, munduan ezagun bihurtu, bihotz guztietara lotu, txikitik handira joan, jendea ni maitatzera motibatu, letra guztiekin jolastu, neure arima kalean usaindu eta neure erritmora dantzatu. Maitatu egin nahi dut, xuxurlatu, lagundu, haserretu, ligatu, borrokatu, zoriontsu sentitu, eta herri baten nortasunaren zati izateaz gain, herriko norbanako bakoitzak niri nortasuna ematea nahi dut.

Zaren bezalakoa nahi zaitut, onartzen zaitut eta maite zaitut. Niri ahoz aho ibiltzea gustatzen zait, hitzek bizitza ematen didate eta zaila naizela esaten duten arren, ezagutzea merezi duen bihotz handia daukat nire sustrai luzeen artean, beraz, ziur nago nik zu maitatzen zaitudan moduan zuk ere maite nazakezula.

Amaitzeko, mesedetxo bat eskatu nahi dizut; ez dakit hiltzen ari naizen edo ez, baina bizirik jarraitu nahi dut denbora luze batez, beraz gauza bakarra esango dizut: zakarretara bota behar banauzu gehiegi erabili izanagatik izan dadila.

Aldez aurretiko eskerrak irri batez,

 

Euskara

 

 

 

 

 

ESKOLAKO EKINTZAK

Arratsaldean , gure eskolan Euskararen eguna ospatu genuen.

Lehendabizi, guk sortutako euskararen aldeko esloganak eskolan jarri genituen. Gero, eskolako sarreran zuhaitz handi bat jarri genuen eta  etxekoen laguntzaz idatzitako euskararen aldeko mezuak idatzita zituen hostoak bertan itsatsi genituen.

Ondoren eskolako talde bakoitzak euskal abesti bana kantatu, dantzatu eta musika tresnez jo genuen.

Eta egunari bukaera emateko hainbat joku antolatu genituen.